Aurrekariak
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonek, ahulgarritasun berezia dutenez Arartekoak arreta berezia eskaintzen dion kolektiboa da. Uste dugu autonomia pertsonala sustatzea eta gaixotasun hauei lotutako estigmarekin amaitzea, zaintzekin jarraitzea, zuzentasuna, ardura, koordinazioa, integrazioa, eraginkortasuna eta parte-hartze foroen eta senideen eta gaixoen asoziazio sustapenak gure herri-administrazioen jarduna inspiratzen duten printzipioak izan behar dutela, batez ere osasun, gizarte, hezkuntza, enplegu, justizia eta etxebizitza eremukoak.
Gure funtzioen artean administrazioen jardunak printzipio horien isla izaten laguntzea dago.
1. Kexarik aipagarrienak
Elikadura-portaeraren nahasmenduek ukitutako pertsonei laguntzeko elkarteek proposatutako zenbait alderdiren gainean jarraipen bat egite aldera, Arartekoak kexa-espediente bat ireki zuen. Horren bidez, Osakidetzaren 2014ko abenduko txosten batean jasotako ebaluazioa hartzen zen abiapuntutzat, pertsona horiek artatzeari buruzko eskaerari erantzunez.
Izapidetutako espedientea txosten hartako bi puntutan oinarritu da: paziente larriak ospitaleratzeko unitate espezializatu bat sortzeko eskaria, eta jantoki terapeutikoen zerbitzuak osatzeko beharra.
Lehenengo puntuan, zenbait gogoeta mota dela-eta, ezinezkoa izan da unitate espezializatu hori garatzeko eraren gainean ados jartzea. Bigarren puntuan –jantoki terapeutikoak– ordea, adostasuna dago haien erabilgarritasunari dagokionez, baldin eta laguntza-eskema koherente eta koordinatuan sartuta badaude.
Arartekoak puntu horiei buruzko informazio-eskaeraren artean eta Osakidetzak emandako erantzunaren artean igarotako denbora-tartean, lurralde historiko bakoitzeko ACABE eta Osakidetzako ordezkarien arteko bilera bat egin zen. Arartekoa ere joan zen bilera horretara. Jantoki terapeutikoen egungo egoeraz eta elikadura-portaeraren nahasmenduen berariazko arretaz hitz egin zuten, bai eta egungo gabeziei aurre egiteko aurreikusitako jarduerez ere. Alderdi horiei buruzko informazio-eskaerari Osakidetzak emandako erantzuna elikadura-portaeren nahasmenduak ukitutako pertsonei laguntzeko hiru elkarteekin egiaztatu ondoren, Arartekoak erakunde honek 2016ko uztailaren 14an emandako ebazpena helarazi du. Horren bidez, Osakidetzari gomendatzen zaio beharrezko zuzkidura jaso dezala elikadura-portaeren nahasmenduek ukitutako pertsonak artatzeari lotutako jarduera-proposamenak aztertze aldera.
Buruko gaixotasuna duten pertsonen zaintza oraindik konpondu gabeko arazo bat da, zaintza hori eteten denean haiek osasun-zentrora joateko Ertzaintzako agenteen laguntza behar izan denean. Guraso batzuk kexa batean Arartekoari esan zioten beraien semea anbulantzian Arabako Unibertsitate Ospitalera eraman zutenean agente batzuk harekin joan zirela, baina bertara iristean, agenteek larrialdietako pazienteak onartzeko zerbitzuan utzi zutela eta alde egin zutela ospitaleko langileek egoera horri aurre nola egin jakin gabe.
Ez da antzeko egoera bat jasotzen duen kexa bat Arartekora igortzen den lehen aldia: Ertzaintzako agenteek psikiatriako gaixo bati laguntzea –ziur asko borondatezkoa ez den modu batean ospitaleratzeko– eta gaixoak ondoren zentroa uztea ez baita behar bezala zaindu. Kasu honetan ere planteatu da gaixoa zaintzea nori dagokion osasun-zentrora heltzen denean, medikuak arreta eman aurretik.
Borondatezkoa ez den mediku-laguntzak dakarren egoera delikatu horren barnean, beste kexa bat aurkeztu da berriz bestelako alderdi bati dagokionez, honako honi lotuta: buruko gaixotasuna duen pertsona bat premiaz ospitaleratze psikiatrikoko unitate batean sartzeko (borondatezkoa ez dena) Osakidetzak eskatutako poliziaren esku-hartze bati. Espediente honetan, txosten hau egiteko unean oraindik irekita zegoena, herritarraren erresistentziari poliziak emandako erantzuna ez zela egokia izan irizten zen, era honetako gaixotasunak dituztenek berariaz zer egoeran dauden eta kontrolik gabe daudela kontuan hartuz, haien emozio eta buruko orekari eusten uzten dioten medikazioa eten izanaren ondorioz. Bere ustez, agenteek indarra erabili eta herritarra lurrean etzanda geratu zen hiru orduz, eskuburdinak jarrita, uniformez jantzitako lau agente bere gainean zituela eta beste bi, berriz, zutik, uniformerik gabe, harik eta ospitalera eraman behar zuen anbulantzia iritsi zen arte.
Borondatezkoa ez den ospitaleratzearekin duen desadostasuna era ez ohikoan ospitaleratutako pertsonek kexa jartzeko arrazoia izan da. Halakoetan, nahitaezkoa da ospitaleratzeko prozedura betetzeari buruzko informazioa eskatzea eta, horri esker, Arartekoan egiaztatu ahal izan da ospitaleratzearen kontrol judiziala bermatzeko ezarritako betebeharrak bete direla.
Mediku batek hala erabakita ospitaleratzeko aukera hori ebaluatzean, beharrezkoa da honako hau kontuan hartzea: borondatezkoa ez den ospitaleratzeak, askatasunaren eta pertsonen borondatearen aurkako neurria denez, helburu terapeutiko bati erantzun behar diola eta epaileen baimena izan behar duela. Larrialdi kasuetan bakarrik baimentzen du legeak ospitaleratzea oinarrizko izapide hori gabe, lekuagatik dagokion epaileari ahalik eta lasterren jakinarazteko betebeharrarekin. Epaileak, muturreko neurri hori justifikatzen duen mediku-txostena aztertu eta ukitutako pertsonari entzun ondoren, neurria baliozkotu dezake.
Beste ikuspegi batetik, senide bat buru-osasuneko arazo batengatik artatu behar zela iritzitako zenbait pertsonak beste zailtasun bat ere adierazten zuten: haiek ez zutela beraien borondatez osasun-zentrora joan nahi. Pertsona batek Arartekoari bere kezka helarazi zion senide baten jokabidea zela-eta, bere iritziz, tratamendu bat behar zuena, baina bere borondatez onartzen ez zuena.
Ezinbestean, kontuan hartu behar da kasu hauetan egindako edozein jarduera, osasun-arlotik nahiz arlo judizialetik sustatutakoa, egungo legeriarekin bat etorri behar dela; legeriak borondatezkoa ez den ospitaleratzea soilik aurreikusten du, baldin eta nahasmendu psikikoa (Prozedura Zibilaren Legearen 763. artikulua) badago. Aurreikuspen horrek, ordea, ez du tratamendu anbulatorio baten ezarpena babesten osasun-zentroko bere psikiatraren bitartez.
Epaileen aurretiazko baimena beharrezkoa da, beraz. Hala ere, ospitaleratzea baimenik gabe egin daiteke larrialdiko arrazoiengatik, baina ondoren hura baieztatu dezakeen (edo ez) organo judizialaren jakinarazpena eskatzen du, tartean dauden inguruabarrak aztertu ondoren; haien artean, ospitaleratzea tratamenduaren neurri gisa agindu duen medikuaren txostenetik sortutakoak.
Tratamenduaren beste edozein bidek pazientearen baimena eskatzen du, eta balizko jarduera edo bilatzen ez den ondorio baten hipotesiak pertsonaren autonomiaren aurkako neurri bat hartzen ez du utziko.
Buruko gaixotasuna duten eta eguneko zentroetan arreta jasotzen duten pertsonen komunitate-arretari dagokionez, 2015. urteko txostenean Basauriko erabiltzaile batzuek aurkeztutako kexen zioa dela-eta hasitako jarduerak jaso ziren; izan ere, erabiltzaile horien iritziz, haien lurralde-eremuan behar adina tutoretzapeko pisu ez daudela esan zuten.
Buruko gaixotasun larriak dituztenei ostatu emateko komunitateko zerbitzuak eta baliabideak (tutoretzapeko pisuak eta egoitza txikiak) buru-osasuneko komunitatearen laguntza-zerbitzuen sareko ezinbesteko elementuak dira.
Errekurtso garrantzitsu horren eskariari buruz zer balorazio duen jakiteko, Arartekoak Osakidetzari informazioa eskatu zion. Erakunde honi emandako erantzunaren arabera, ados agertu da ondorengoarekin: ostatu emateko baliabide soziosanitarioak buru-osasuneko komunitate-zerbitzuen beste elementu baten gisa hartzeko beharra dagoela, eta haien garapenean eta plangintzan aurrera egin behar dela; horretarako, pertsonen ingurune naturala erreferentzia modura hartzen da. Haien erabilgarritasunari dagokionez, Bizkaiko buru-osasuneko sarearen ustez, osasun-zerbitzuek ez bezala, ostatuko dispositibo soziosanitario horiek ez daude biztanle-kopuruaren arabera sektorizatuta, planifikatuta eta banatuta; beraz, Bizkaian duten banaketak eta kokapenak ez diete erantzuten udalerrien edo laguntza-sektoreen beharren irizpideei. Halaber, azaldu zuen komunitateko ostatu-baliabideak garatzeko egungo ereduari lotutako plangintzari eta erabakiei buruzko erabakiak, oro har, Bizkaiko Foru Aldundiak eta hirugarren sektoreko erakundeek hartzen dituztela.
Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak emandako informazioaren arabera, behar horien erantzuna Eusko Jaurlaritza, foru aldundien eta udalen laguntzarekin, egiten ari den Gizarte Zerbitzuen Maparen esparruan kokatu behar da, biztanleak eta eskuragarri dauden baliabideak erreferentziatzat hartuz, bai eta aurreikusita daudenak ere.
Lan-esparruko arazo garrantzitsu bat lan-munduratzea da, eta gai horrek buruko gaixotasuna duten pertsonak ukitzen ditu, neurri handi batean. Lan-merkatuko exijentzia zailei pertsona horiek topatzen dituzten zailtasun bereziak erantsi behar zaizkie. Enpleguarekin duen loturagatik, txosten honen Lan eta Gizarte Segurantzako arloan, arazo hori aipatu da.
Hain zuzen, Lan eta Gizarte Segurantzako arloan ere jasotako arazo horri dagokionez (hari lotzen gatzaizkio), buruko gaixotasuna duten pertsonen arretan lan egiten eta beraien lan-munduratzea eta gizarteratzea bilatzen duten zenbait elkartek, Arartekoari beraien desadostasuna helarazi diote enpleguko zentro berezietako jarduera arautzeko orduan ez delako aurrerapenik egin.